Dolua eta galerak

Heriotzaren pertzepzioa. Nerabezaroa aldaketen etapa. Amodio-porrotak. Gurasoen banaketa. Konpainia. Buruaz beste egitea eta nerabezaroa.

Aurkezpena

“Jauzi hirukoitza” antzezlanari esker, bizitzaren pedagogia egiteko atea irekitzen zaigu; horrezaz gainera, hezkuntza-gaietan bizitzari adiera ebolutibo zabalean begiratzeko gonbitea da. Mar Cortina Selvaren hitzak gogoratuz: “Hezkuntza heziketa bada, heriotzari buruz hausnartzea, bizitzaren ikuspuntu egiazkoago eta sakonagoa ematea da, “heriotza txikiak” –familia haustea, gaixotasuna, maitasun-desengainua, emigrazioa, eskola-porrota, e.a.- gertatzen zaizkienerako bitarteko existentzialez hornitzea da. Atzean uzten dugunari esker egiten dugu aurrera. Bizitzea agur egitea da eta ez bakarrik gauzei eta besteei, nork bere buruari baizik, izan ere, aldatu egiten gara, eboluzionatu egiten dugu. Hau eskolara eramatea, ikasleei sufrimendu, atsekabe edo porrotezko uneetan beren burua husteko aukera ematea da. Sentitzen dena errespetatuz, adierazten utziz eta konpartituz, bakoitzak bere heldutasunaren arabera bere pertzepzioa eratzeko tarte bero eta segurua eskaintzen da”. Gida hau eta “Jauzi hirukoitza” antzezlana ezin dira banandu, estu lotuta daude. Bizitzarako funtsezkoak diren bost ikaskuntza-eremutan oinarritutako lan-proposamena da. Eremu hauen testuingurua antzezlaneko hainbat eszenatan aurkitu ahal izango dugu. Hona hemen aipaturiko eremuok: Nortasuna, partaidetza, bizitza eta bilakaera, bizitza eta heriotza eta laguntasuna.

 

“JAUZI HIRUKOITZA” IKUSKIZUNAREN AURKEZPENA

Ustekabeko tren istripu batean neska gazte bat harrapatzen dute zirkunstantzia arraro samarretan, eta horrek komunitate osoaren bizitza hankaz gora jarriko du. Hartutako kolpearen ondorioz, ikaskideen artean diziplinarik eza era kezkagarrian hedatuko da: batzuk lur jota geratuko dira, beste batzuek eskola utziko dute… Irakasleek zer egin ez dakitela begiratuko diete gertaerei neskaren ikastetxeko eguneroko bizitza bortizki aztoratu duen hunkipena kudeatzeko baliabide eta estrategiarik gabe aurkitzen direlako.

Benetako gertaera batean oinarritutako jazoera honek inspiratuta, “Jauzi Hirukoitza” ikuskizunarekin gazte eta nerabeak galera eta doluaren aurrean, eta bereziki heriotzaren aurrean jarri nahi ditugu. Pedagogo eta hezitzaileen arabera, edozein gertaera mingarriren aurrean nerabeak gehiegi babesteko helduon joera hedatuta dagoenean, ezinbestekoa eta garrantzizkoa da gazteekin hausnarketa hau egitea.

Bizitzarako heztea eguneroko nahiz ezohizko gertakariei aurre egiteko heztea da, bi aurpegi – nahigabea eta poza, arrakasta eta porrota- dituen bizitzarako heztea hain zuzen ere. Ezinbestekoa da norberak bere bizitzari zentzua ematea, eta heriotzak izaki mugatuak egiten gaituela kontuan izatea. Honetaz jabetzeak gure bizitzaren protagonista izateko nahia izaten lagunduko digu.

“Jauzi Hirukoitza” ikuskizunean maite den norbait hil ondoko doluaz gainera, ikuspegia zabaldu eta gazteek bizitzan jasan ditzaketen beste galera batzuk ere azaltzen ditugu: lehen porrotak maitasunean, norbere jatorrizko hiri edo herrialdetik atera beharra, gurasoen banantzea, nerabezaroko aldaketa fisiko eta emozionalak… galera esanguratsuak guztiak ere, benetako dolu-prozesu batetik igaroko balira bezala gainditu beharko dituztenak.

Hausnarketa honek gazteei, helduen munduan sartzen direnean, itxaropen eta aukerak galdu izanaren eraginez jasan beharko dituzten frustrazioz eta porrotez beteriko uneak gainditzeko baliabide intelektual eta emozional eraginkorrak eskainiko dizkielakoan gaude.

Gazteentzat egin ditugun ikuskizun guztietan gertatzen den bezala eszenaratzearen tonu ausartak eta mintzaira zuzenak publiko berezi honen arreta erakartzeko ezinbesteko konplizitatea lortuko du, proposatutako gaien inguruko hausnarketa ireki eta batez ere sortzailea eraginez.

 

NORENTZAT DA PROPOSAMENA

Lagungarri didaktiko hauek “Jauzi hirukoitza” antzezlana ikusi izan duten irakasle eta ikasleentzat da, hain zuzen ere, maila hauetakoentzat:

  • DBHko laugarren maila.
  • Batxilergoko 1. eta 2. mailak.
  • Gradu Ertaineko eta Goi Graduko heziketa zikloak (batez ere gizarte-kultura zerbitzuetako familiei eta elkarteei, osasun eta jarduera fisiko eta kirol-jarduerei lotutakoak).
  • Laguntza eta hezkuntzari lotutako graduetako unibertsitateko ikasleak: medikuntza, erizaintza, fisioterapia, psikologia, pedagogia, irakasle eskola, lana eta gizarte hezkuntza…

Irakasleei ekintzarako moduluen egitura aurkeztu nahi diegu, “Jauzi hirukoitza” antzezlanak dituen ahalmenak aprobetxa ditzaten. Modulu horiek gelan gara daitezke une jakin batean edo era trinkoan edota zehar-gai bezala erabili. Ekintzarako modulu hauei esker, irakasleek gazteen hazkunde pertsonalean azaltzen den eta lantzeak nolabaiteko beldurrak eragiten dituen gaiari tarte babestua eta denbora eskainiko dizkio.

PROPOSAMEN DIDAKTIKOAK: EREMUAK ETA MODULUAK

Honetan datza lan-proposamena: “Jauzi hirukoitza” antzezlana da abiapuntua eta aipaturiko bost esperientzia-eremuak dira oinarria. Hauetako bakoitza lan-modulu desberdinetan antolatuta dago eta bakoitzaren iraupena 90 eta 120 minutu bitartekoa da.

Eremu bakoitzeko moduluak banan-banan lan daitezke; beraz, irakasle edo hezitzaileak aukeratuko ditu unean uneko helburuei lotutako behar edo interesei egokitzen zaizkienak.

Modulu bakoitza, ikasleentzako eta irakasleentzako eratutako ariketa eta baliabide didaktikoen bitartez gara daiteke bere osotasunean. Delako ariketa eta baliabideok, lan-metodologiari eskaintzen zaion atalean azaltzen denez, azaldutako eszena bati lotuta gauzatzen dira. Egitura honek eraginkortasun handia ematen dio materialari eta nahikoa da aldez aurretik behin irakurtzea martxan jartzeko.

PLANTEAMENDU PEDAGOGIKOA

  1. Gida didaktikoa paperean, lagungarri didaktikoen eta metodologiaren aurkezpen orokorrarekin.
  2. Eduki teorikoak, ariketak eta baliabide didaktikoak pikorteatro.com web orrialdera joz eskuratu; horretarako, JAUZI HIRUKOITZA ikuskizunari dagokion “Gida didaktikoa” erlaitzean sartu.

down-arrow

ESPERIENTZIA-EREMUAK:

1-NORTASUNA

2-PARTAIDETZA

3-BIZITZA ETA BILAKAERA

4-BIZITZA ETA HERIOTZA

5-LAGUNTASUNA

EREMU BAKOITZEAN

– LAN-MODULUAK, ikasleen behar, interes eta heldutasunaren arabera aukeratzeko.

METODOLOGIA, modulu bakoitza hasteko, garatzeko eta bukatzeko.

LAN-MODULUAK

IRAKASLEENTZAT,  garatuta, praktikan jartzeko.

IKASLEENTZAT, ariketa eta baliabideekin.

down-arrow

Antzezlanaren eta gida didaktikoaren erabileraren

Eraginaren ebaluazioa

(Webean jasotako galdeketari erantzun)

ESPERIENTZIA-EREMUAK

I. EREMUA – NORTASUNA. “Nor naiz eta nor ez”

Ikasleen nortasunaren eraketa-prozesuan laguntzea da eremu honi lotutako lanaren helburu nagusia. Eriksonen arabera, “nerabezaroa aro nahasia da nortasunari dagokionez eta etengabeak dira esperimentazioak nortasunaren nukleoaren bila”.

 

Haurtzaroak nerabezaroari bide ematen dio eta honek, era berean, helduarora igarotzea ahalbideratzen du. Haurtzaroa galtzeagatik, gorputzean gertatzen diren aldaketengatik, e.a., nerabezaroan dolua bizi izaten dela esan dezakegu. Eta krisialdia gertatzen da, heltzea eboluzio eta eraldaketarako aukera bihurtzen duena.

Geure buruaz ditugun ideien eta besteen aurrean erakusten dugun irudiaren gainean eratzen dugu gure nortasuna. Egia esan, multi-nortasuna da, une jakin batean gauden testuinguruaren eta gizataldearen araberakoa.

Eremu honen lanketaren bidez, ikasleek gertaera horiek norbaiten laguntasunarekin bizi izateko beren baliabideak eratzea da gure helburua, aztertu eta beren historia pertsonalean txertatu ahal izateko.

 

  • MODULUA: Zer eragin dute niregan estereotipoek?, eta, zer ezaugarri baloratzen dut neure buruari eta besteei dagokienez?
  • MODULUA: Neure buruari eta besteei buruzko iritziak.
II. EREMUA – PARTAIDETZA ETA LOTURA. “Nire bizitzako ibilbidetik”

Eremu honetan, bizitzarekiko lotura landuko dugu, partaidetzarako ditugun sistemak –familia, eskola, lana, adiskidetasunak, e.a.- aztertuz. Gizaki guztiok, jaiotzatik, bizitzari eta gure aita eta amaren bitartez jatorriari lotuta gaude; horrek, aldi berean, gure asabei lotzen gaitu: aitona-amonei, birraitona-amonei, e.a. eta gertatu ziren eta gure jaiotza ahalbideratu zuten inguruabarrei eta bizipenei. Hortik aurrera, aipatutako sistemekin –eskola, adiskidetasunak, familia, lana…- elkar eraginean bizi gara.

Gure historia, jatorrizko familiako kide izatearen barnean garatzen da; familian jadesten ditugu gure balio eta iritziak biziera heldura ateratzeko. Nerabeak bere familia, eskola eta gizartea zalantzan jartzen baditu ere, barruan egotea ere nahi du eta hori bilatzen du, jakinaren gainean ala ez. Izan ere, gizakiok ezinbestekoa dugu gure taldean, tropelean, aldran… partaide izatea, sistema batean jaiotzeak, jaiotzatik haratago izan daitezkeen inguruabarretatik haratago, bertako partaide izatea dakarrelako.

“Eskerroneko bihotzak bakarrik ikas dezake”, dio Angelica Olverak. Beren sustraiekin adiskidetzeak indarra ematen die gure ikasleei beren hazkunde pertsonalerako… eta, ondorioz, baita eskola-hazkunderako ere.

  • MODULUA: Partaide naiz
  • MODULUA: Hauxe da nire historia
  • MODULUA: Nire jatorria
III. EREMUA – BIZITZA ETA HAREN BILAKAERA. “Nire bizitza, irabaziak eta galerak”

Eremu honetan, bizitzako etapak eta bizitzaren etengabeko bilakaera landuko dira. Izan ere, etengabeko bilakaera horren barruan kokatzen da geure historia pertsonala ere.

Bizitzako gertaerak onartzeak, gertaera horiek mingarriak badira ere, dolua bizitzea dakar eta prozesu honek bizitzako inguruabarrak (zailak badira ere) bizitzea eta horiekin sendotasuna jadestea ahalbideratzen du, gertatu zen hura, berriro gertatuko ez dena, onartu ez eta iraganera begira geratu gabe.

Nerabezaroan bizi izaten diren amodiozko eta desamodiozko esperientziak dira gure nortasunean arrastorik sakonenak uzten dituzten gertaerarik mingarrienetakoak. Ikuskizunean agertzen diren desamodioak eta beren ondorioz gertatzen diren doluak hazkunderako bide dira, ikasteko aukera, maitasunezko beste maila batzuetara iristeko eta bikotean bizitza helduagoa izateko; horregatik, modulu bat eskaintzen da arlo hori lantzeko.

Migrazioen gaiak beren-beregi du modulua III. eremu honetan. Migrazioa gizakiek berezkoa duten zerbait bezala aurkezten diegu mundu globalizatu honetako gazteei. Migrazioak eragindako doluak intimitatean eta subkontzientean geratzen diren dolu ezkutuak dira, ez dugulako “gaizki sentitzeko eskubiderik” gure bizitzan “egoera hobeak” bilatzen ditugunean.

  • MODULUA: Dena aldatzen ari da
  • MODULUA: Neu eta neure buru aldakorra naiz
  • MODULUA: Bikote-harremana dut

IV. MODULUA: Denok gara migratzaileak

IV. EREMUA – BIZITZA ETA HERIOTZA. “Bizirik nago eta hilkorra naiz”

Izaki bizidunak gara, hau da, bi gertaerek, jaiotzak eta heriotzak mugatzen dute gure bizitza. Grekoek “Kronos” deitzen zioten denbora objektibo horri eta haren ezaugarri nagusia halabeharrezkoa izatea da. Heriotzarekin bukatzen zaigu. Baina grekoek bazuten denboraren beste kontzeptu bat ere: “Kairós” deituriko denbora. “Une egokiaren”, dastatutako, aprobetxatutako, osotasunean bizi izandako denbora. ‘Kairós’ denbora hori bizitzari gehitzen zaiona da, gure bihotzetan esperientzia bezala metatuz eta bizi izatearen gozamena sentiaraziz.

Gizakioi bata ala bestea gertatuta ere, gure mugatasunaz jabetzeak berak zentzuz bete ditzake bizitzako bizipen guztiak. Bizitza ez da erraza, baina merezi du bizitzea.

Gida honetan aurkezten dugun lanak ikuspuntu pedagogikoa du; heriotza era inplizitu eta esplizituan aztertzen da eta hezi egin nahi da, lagun bakoitzak zentzua aurki diezaion bere BIZITZARI eta HERIOTZA mugatu egiten gaituen gertaera dela ikus dezan. Hortik hartzen dugu bizitzaren indarra eta oraina bizi dugu.

Irakasleek erabakiko dute IV. modulua -“Suizidioa, eutanasia eta bizi-testamentua”- egitea komeni den ala ez, gelakideen adina eta heldutasuna kontuan hartuta. Komunikabideetan ez da horrelakorik azaltzen, gauza bera egitera bultzako lukeen “dei” ez bihurtzeko. Dena dela, buruko gaitzetan adituak diren profesional batzuen ustez, suizidioen kontuak komunikabideetan agertu egin beharko luke baina era jakin batean: errealitate hori agertzera eman, arazoari aurre egin eta suizidiora ez heltzeko. Horregatik prestatu dugu modulu hau, 15 eta 25 urteko gazteen artean heriotza bortitz gehien –auto-istripuen gainetik- eragiten duen suizidioari seriotasunez begiratzeko, ikasleek ideiak argi izan ditzaten eta, behar izanez gero, zer egin eta nora jo jakin dezaten.

  • MODULUA: Bizitza eta heriotza
  • MODULUA: Nire galerak eta doluak
  • MODULUA: Agur egiteko eta laguntzeko erritualak
  • MODULUA: Suizidioa, eutanasia eta bizi-testamentua
V. EREMUA - LAGUNTASUNA. “Niretarrei lagun egin”

“Bestearekin egoteko” oinarrizko jarrera batzuk garatzean datza eremu honetako proposamen didaktikoa. Laguntasuna eskatzen duten hainbat egoera aurkeztuko dizkiogu gaztetxo eta gazteari.

Lagun egiteak bestea bere osotasunean, epaitu gabe eta, batez ere, aldez aurretik laguntza emateko inongo asmorik gabe entzutea eta onartzea da; hau da, “zuretzat nauzu” adieraztea, entzuten zaitut eta zurekin nago bizi duzun dolu-, trantsizio-, krisi-prozesuan… Ez dut zu epaitzerik, zuri aholkurik ematerik, zu kritikatzerik nahi; besterik gabe entzun eta zure ondoan egon nahi du.

Doluaren prozesuan, berdinen taldea funtsezkoa da galdutako errealitateari eusteko, batzuetan gozagarri direlako, parentesia, galeratik eratorritako ekaitz intelektual eta emozionalean. Gertatzen zaidana konpartitzea, sentitzen eta pentsatzen dudanaren barne eraldaketa da. Besteak nire esperientziaren eta horren integrazio-prozesuaren lekuko bihurtzen dira.

  • MODULUA: “In lak’ech, hala ken”

LAN-METODOLOGIA

Lagungarriok lantzeko proposatzen den metodologiaren didaktika ikastetxeko kide guztien emozioen munduari begiratzean datza, alderdi guztiak direlako garrantzitsuak ikasleei ikaskuntza-prozesuan laguntzeko. Horrela, testuingurua ematen diegu galera jasaten duen pertsonaren ezagutzazko eta emoziozko erantzunei. Izan ere, batzuetan, gertatzen dena ezagutzea ez ezik, azalpenak bilatzen ditugu eta horrek errealitatetik aldentzen gaitu eta laguntza ematea galarazten digu.

Lan-modulu bakoitzak honelako sekuentzia didaktikoa du:

  • Hausnarketarako sarrerako ariketak bakarka edo taldean egiteko. Ikasleen ikaskuntza ahalbideratuko da, haiek ondorengook adierazita:
    – Landuko diren gaiei buruzko ideiak.
    – Beren bizitzako bizipenak (bizi izandakoa), gero emozionalki eta intelektualki ikaskuntzak eratzeko.
    – Beren sinesteak, balioakHaien aldez aurreko jarrerei, jakintzei, sinesteei eta ideiei buruzko argibideak lortuko ditugu. Horiei esker, haien heziketa-beharrez jabetuko gara prozesua gidatu ahal izateko.
  • Heziketarako aukera berriak eskaintzen dituzten ariketak: eduki berriak, ikasleak protagonista diren informazioak… Eduki berriak partaideen jakintza, ideia eta bizipeetan sustraitzen dira, ikaskuntza iraunkorra eta funtzionala lortzeko.
  • Estrategiak garatzen ditugu ikasitakoa gauzatzeko, berritasunak, ikaskuntzaren gaitasun eta funtzionaltasuna erakutsiz (honek honetarako edo horretarako balio dit), eratu, eraiki, uztartu duguna adieraziz.
  • Azkenik, landutakoari Bukaera ematen diogu, ideiak laburbilduz, gauzei amaiera emanez, pertsona guztien ongizate emozionala ziurtatuz.

Ikaskuntzarako jarduerak askotarikoak dira eta bakarkako eta taldeko hausnarketaren, ikerketaren, analisi kritikoaren, informazioa bilatzearen, emozio-adierazpen eta antzezpenaren, esperientzien bizipenaren, elaborazio kontzeptual eta sortzailearen… bidez egiten dira.

Teknika didaktikoak honako jarduera hauen bitartez garatzen dira: eztabaidak, dilema moralak, baliabide literarioak –metaforak, olerkiak-, abestiak, gutunak, ‘rol-playing’, jarreren eskala, lan kooperatiboa, adierazpen artistikoa, ikus-entzunezkoak, e.a..

Erosi Jauzi hirukoitza material didaktikoa

* Lizentziak 12 Erabilera hilabetez da.

295 € / Egungo ikasturtean

Aprobetxatzen material didaktiko bat baino gehiago erosteko.

2 LIZENTZIAK

590 € 501,5 €  15% deskontua

3 LIZENTZIAK

885 € 708 €  20% deskontua

4 LIZENTZIAK

1.180 € 885 €  25% deskontua

E-mail: info@pikorteatro.com

Diseño web Alma Digital

E-mail: info@pikorteatro.com

Diseño web Alma Digital